6 dic 2011

Gabonak heltzear daude!






Olentzeroren istoria Nafarroako herri txiki batean kokatzen da, Larraunen. Olentzero urteak dituen egun beste begi zituen, horregatik Gabon Zaharrean herri bakoitzetik ibiltzen zen eta esnaturik aurkitzen zituen ume guztiak eramaten zituen.


Olentzero beste kulturetako pertsonaietatik argi bereiz daiteke. Alde batetik, Olentzeron sinistea sinismen librea delako eta ez kristauengatik inposatua adibidez. Bestetik, benetan existitu den pertsonaia delako Olentzero, bere istorioa ez dago naturaz gaindiko gertaera batean oinarriturik.


Olentzerori buruzko kontakizun asko daude, horien arabera Olentzerok hainbat ogibide izan ditu: artzaia, nekazaria, ikazina... Entzunena ikazkina izan zela da, hortaz, Olentzeroren istoria kontatuko dizuet. Istoria hau klasean kontatzea ere oso jarduera aproposa da, polita izateaz gain. 


*   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *


Duela urte asko, Euskal Herriko basoetan, maitagarri eder bat bizi zen. Hori koloreko ile luzea  zeukan eta bere begien disdira izugarria zen. Maitagarri guztien antzera, jendea zaintzen zuen beste  izakitxoen laguntzaz, nola Prakagorri izeneko iratxoak, bere eginbehar guztietan laguntzen ziotenak.


Behin, maitagarria bere ile luzea orrazten zegoen bitartean iturri baten ondoan, prakagorriek iratzeen artean zerbait mugitzen zegoela ikusi zuten. Oihu eginez, maitagarriari deitu zioten eta honen harridurarako,  umetxo txiki bat aurkitu zuen! Nola izan zitekeen pertsona batek bere umetxoa hor bakarrik uztea? Maitagarriak ezin zuen halakorik sinistu!


Hori dela eta, maitagarriak jaioberriari esan zion: " Zu Olentzero deituko zara, miresgarria baita zu hemen aurkitu izana. Indarra, kemena eta maitasuna oparituko dizkizut bizi zaren denbora guztirako." Orduan, maitagarriak umea hartu eta basoan zegoen etxe zahar batera eraman zuen. Bertan, gizon eta emakume bat bizi ziren, seme-alabik ez zutenak. Maitagarriak orduan, jaioberria ate aurrean utzi zuen,  aurkitzerakoan izugarri poztuko ziren eta.


Oso goiz etxeko gizona behiak eraistera joan zen eta jaioberria aurkitu zuen. Korriketan eta garrasika, bere emazteari erakutsi zion, eta laster bere semetzat hartu zuten. Hortik aurrera, Olentzero basoetan haziz joan zen eta oso gizon indartsua, atsegina eta osasuntsua bihurtu zen. Ez zion inoiz bere buruari galdetu zelan bikote horren eskuetara heldu zen. Urteko egun guztiak ikatz-mehatzetan lan egiten igarotzen zituen eta bere aitari laguntzen. Baina denborak aurrera egin ahala, emakumea eta gizona hil egin ziren eta Olentzero etxe zahar horretan bakarrik gelditu zen, urteak aurrera egiten zuten heinean.


Olentzero gero eta tristeago zegoen eta bere beharra pertsonak laguntzea zela konturatu zen. Herri batean gurasorik ez zuten umeak bizi zirela gogoratu zuen, ume oso bakartiak ziren, Olentzero bezala. Orduan, Olentzero ume horiek zoriontsuagoak izan zitezen zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. Bere eskuekin oso trebea zenez gero, umeentzako jostailuak egiteari ekin zion, horrela herrira joatean ikatza saltzeko, opariak emango zizkien.


Jostailuak egiten amaitu eta guztiak zaku batean sartu zituen. Astoa hartu eta herrira abiatu zen poz-pozik ikatz eta jostailuekin. Herrira ailegatzean, umeei opariak eman zizkien eta umeek zoriontsu hartu zituzten. Olentzero beraiekin jolasean jardun zuen egun guztia eta istorio asko kontatu zizkien. Horrela, umeek benetan maitatu zuten Olentzero eta ez ziren lehen bezain bakarti sentitzen. Olentzeroren ospea izugarria zen herrian eta ikatza saltzera etortzen zen bakoitzean, umeek inguratzen zuten.


Urte luzeetan zehar Olentzero herrira joaten jarraitu zuen. Egun batean, aldiz, izugarrizko ekaitza egon zen eta denetarik hondatu zuen. Trumoiek, tximistek eta hotzak herriko jendea beldurtu zituen, bereziki umeak. Olentzero herrira ailegatzear zegoelarik, tximista batek etxe bat erdibitu zuela ikusi zuen. Etxera hurbildu eta etxea sutan zegoen. Etxera sartu, manta batekin umeak estali zituen ez erretzeko eta lehenengo pisuko leiho batetik atera zituen. Bera irtetzear zegoelarik etxeko zutabe handi bat bere gainean jauzi eta bere bihotza gelditu egin zen. 


Herriko jendea negarrez zegoen ezin zutela ezer egin ikusirik. Bat-batean, etxetik argi indartsu bat atera zen. Herrikoek etxearen barruan zer gertatzen ari zen ezin zutela jakin, Olentzero aurkitutako maitagarria agertu zen berriro.  Maitagarriak Olentzerori hauxe esan zion: "Olentzero, bihotz-oneko gizona izan zara,  fedez beterikoa. Zure bizitza eman duzu beste batzuena salbatzeko. Horregatik, ez dut zu hiltzea nahi. Betiko bizitzea nahi dut. Hemendik aurrera, zuk jostailuak egingo dituzu gurasorik ez duten umeentzat, Euskal Herriko txoko guztietatik banatzeko. Hori entzun bezain laster, prakagorriak agertu ziren bere laguntza eskainiz.


Geroztik, Olentzero urtero Euskal Herriko herritxo guztietatik joaten da gurasorik ez duten umeei opariak emateko. Herrietako umeek Olentzeroren etorrera kantuz eta maitasunezko mezuen bidez ospatzen dute.

*   *   *    *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   *   
Eskolan egun hau nola ospatzen genuen oso ondo oroitzen naiz, izan ere, oroitzapen politak dira. Oporren bezperako aste horretan, egun guztietan eskolako ikasle guztiak, haur hezkuntzakoak eta lehen hezkuntzakoak batera, patiora ateratzen ginen gabon kantak guztion artean praktikatzera. Horrela, azkeneko egunean, baserritarrez jantzi eta  kalera irtetzen ginen Bilboko hainbat lekutan gabon kantak abestera.              

Horregatik, eskolan jai hau ahalik eta sentimendu gehienarekin bultzatzera gonbidatzen zaituzten. Egitekoen zerrenda infinitua izan daiteke, olentzeroren zerrenda bezala: gabon kantak ikasi, kalejira bat egin, Olentzeroren etxera joan, Olentzerori buruzko kondaira ezberdinak kontatu, Olentzerori gutuna idatzi... 
Azkenik, olentzeroren kanta uzten dizuet, goza ezazue!



qrcode

No hay comentarios:

Publicar un comentario