20 nov 2011

Irakasleentzat orrialde lagungarriak

Habe-ikasbileko orrialdea gainbegiratzen ibili naiz eta hainbat gauza interesgarri topatu ditut. Horregatik, nire bloggean jartzea erabaki dut norbaiti erabilgarri suerta litzaiokeelako. 
Laster arte!



qrcode

18 nov 2011

AMETSETAKO BIDAIA


Gaur bidaiatzera goaz! 

Gaurkoan, ahozko trebetasuna lantzeko jarduera bat proposatzen dut. Jarduera honen bidez hainbat aspektu landuko ditugu:
- esaldi egitura hauek menperatzea:
           o ...ra joango gara
           o ... eramango dugu
           o ... utziko didazu
    - munduko mapa ezagutzen joan
    - irudimena landu
    - oinez, autobusez, hegazkinez...

    HARTU BEHAR DITUGUN ERABAKIAK:
    > Nora joango gara?
    > Norekin joango gara?
    > Zer eramango dut?
    > Zein garraio erabiliko dut?
    > Zer egingo dugu bertan?
    > Zenbat denbora igaroko dugu han?

    ARAUAK HONAKOAK IZANGO DIRA:
    > egingo dugun ibilbidea mapan marraztu beharko da.
    > bidaian arazo bat suertatuko da eta hori konpontzeko gai izan beharko gara
    Arazo komunak bilatuko ditugu, garraio galdu dugula, esaterako.
    > irudien laguntzaz lekua deskribatuko dugu.

    LANDUKO DEN HIZTEGIA:
    • NOIZ? Oporretan, zubi batean, herriko jaietan, inauterietan, Aste Santuan, gabonetan...
    • NOLA? Oinez, bizikletaz, kotxez, motorrez, hegazkinez, itsasontsiz, kamioiz, auto-stop, trenez...
    • NORA? Lekuen izenak
    • LEKUAK: parkea, hiria, herria, basoa, oihana, desertua, glaziarra, sumendia, mendia, hondartza...
    • ZER ERAMAN? Udako/neguko arropa, kuleroak/galtzontziloak, botak, euritakoa, euritarako arropa, janaria, hiztegia, botikina, ipar-orratza, txapela, sokak, bainujantzia, prismatikoak, ile lehorgailua, mapa, argazki kamera, kanpin denda, koadernoa, linterna...

                                                                                                               qrcode

      Esaera zaharrak



      Esaera zaharra herriko jendeak sortutako esaldi zehatza da, bere atzean beti esanahi bat daukalarik. Hauek gomendioak izaten dira, metaforak, hitz-jokoak, umorezkoak... eta ahoz transmitituz joan dira belaunaldiz belaunaldi, gure eskuetara heldu arte. Gaur egun, jendeak ez ditu asko erabiltzen, baina kontuan izan behar dugu jakinduria handia transmititzen dutela eta hauek galtzea oso tamalgarria izango litzatekeela.
      Atsotitzek gai-eremu handiak biltzen dituzte: animaliak, baloreak, ohiturak, gizartea, mitologia, natura, tradizioa, folklorea, antzinako usteak...
      Gotzon Garatek hainbat hizkuntzetako atsotitzak batu zituen, eta euskarazkoak 14.458 dira. Honek adierazten digu Euskal Herria kulturan oso aberatsa izan dela, beraz oso tristea izango zen hau galtzen joatea. Esaera zaharren bidez euskarari bultzada handia eman diezaiokegu eta geure ondokoei kultura transmititu. Hortaz, gustatzen zaizkidan esamolde zahar batzuk uzten dizkizuet, bere esanahiarekin batera:

      * Gehiago edukiago eta nahiago
      Zenbat eta gehiago eduki, orduan eta gehiago nahi dugula esan nahi du atsotiz honek, horrela gizakiaren zuhurkeria adierazten du.
      * Gutxiegia eta larregia, beti kaltegarria
      Gehiegi zein gutxiegi, biak kaltegarriak dira, muga batzuk izan behar ditugu.
      * Urri, baina ongi
      Hobe gutxi izatea, baina ona dena.
      * Afalondoko kontuak
      Gezurrak
      * Beltz guztiak ez dira ikatz
      Gauzak askotan ez dira diruditen modukoak, pertsonei erreferentzia eginez adibidez.
      * Gezurrak hankak motzak ditu
      Gezurtiari beti harrapatzen zaio laster.
      * Amen: Zu hor eta ni hemen
      Eztabaida batean bata bestearekin ados ez dagoenean eztabaidari amaiera emateko.
      * Otsoa aipatu eta otsoa atean
      Pertsona batetaz hizketan ari zarenean eta hori ezustean agertzen denean.
      * A ze parea, karakola ta barea!
      Denbora elkarrekin pasa ohi duten bi pertsonek ohitura eta akats berdinak egiten dituztenean erabiltzen da esamolde hau.
      * Bildots izan orduko, ardi izan
      Oso azkarra dena
      * Arranoak lumak behar, txepetxak ere bai
      Nahiz eta pertsona zein animali bakoitza desberdinak izan, guztiek dituzte behar berberak.
      * Kalean uso etxean otso
      Kalean oso atsegina den  eta gero etxean maltsurra. Ezin gara itxuraz fidatu!
      * Ohitura gaiztoa, berandu ahaztua
      Ohitura txarra behin hartuta zaila da uztea.
      * Otsoak otsoari gaitzik ez, eta lapurrak lapurrari laztan
      Gaiztoak euren artean errespetatu egiten dira.
      * Zakur zaunkaria nekez hozkaria
      Azken finean asko ohikatzen duenak gero gutxien egiten duena izaten da.
      * Zenbat buru, hainbat aburu
      Pertsona bakoitza bere iritzi propioa du.
      * Putza izan ez eta puzkerra izan nahi
      Ez gara daukagunarekin konformatzen.
      * Xoxoak beleari ipurbeltz
      Beti saiatzen gara geure errakuntzen zergaitia besteengan ikusten.
      * Dagonean bonbon, ez dagonean egon
      Gauzak momentuan disfrutatu.
      * Hil arteraino bizi, han arte ez izi
      Lasaiago hartu bizitza
      * Etxeko sua etxeko hautsez estali behar da.
      Etxeko arazoak etxean gorde.
      * Asko daki zaharrak, erakutsi beharrak
      Adineko pertsonak oso jakintsuak dira eta besteei irakasteko asko dakite.
      * Urak dakarrena, urak darama
      Zoriz datorrena etorri den bezala badoa.
      * Asko balio du indarrak, gehiago buru azkarrak
      Azkarra izatea indartsua izatea baino askoz gehiago balio du.
      * Askoren mina, tontoen atsegina.
      Askoren gaitzak memeloen kontsolamendua baino ez dira.
      * Dezagun gutxi dezagun beti.
      Egiten dugun gutxi hori beti egin dezagun.
      * Eroriz ikasten da oinez.
      Gauzak txarto eginez ikasten da ondo egiten.
      * Gaur hitza eman, bihar haizeak eraman
      Promes bat ez denean betetzen.
      * Geroa, alferraren leloa
      Alferrak beti uzten ditu gauzak gero egiteko.
      * Non gogoa, han zangoa
      Gogoz egiten dena lortu egiten da.
      * Zaldia joan ta mando etorri
      Negozio txarra egin.


      Esaera zaharrak modu askotan landu daitezke. Bi aukera proposatzen ditut:

      1- Esaera zaharraren zati bat paper zati batean idatzi, eta falta zaion zatia beste paper batean. Horrela, zati bakoitza zeinekin doan asmatu beharko dute.

      2- Esaera zaharrak begien aurrean izanik, baten esanahia azaldu eta zein atsotitzi erreferentzia egiten dion asmatu beharko dugu.
          Hizkuntzari, piperra eta gatza!!



      qrcode

      17 nov 2011

      Jolasa: La Habanako ontzia

      Gaurko egunean, jolas bat azaltzera noa!

                                                   LA HABANAKO ONTZIA


      "La Habanako ontzia" deitzen da eta taldean jolasten da, baina binaka ere jolastea posible da beste aukerarik ez badago. Jolasa honakoan datza:

      Batek esaten du: “La Habanatik ontzi bat etorri da eta ekarri ditu... PATATAK”. Orduan besteek, hasierako silabarekin, “PA”-z hasten diren hitzak asmatu behar dituzte: PANPINAK, PAGOAK, PANELAK...
      Jolasa zailtzeko hasierako silaba hartu beharrean, lehenengo letra bakarrik erabiliko dugu: "B"

      Ondo pasa!

      qrcode

      16 nov 2011

      Asmakizunak

      Oraingoan asmakizun batzuk idaztea pentsatu dut. Izan ere, asmakizunak oso jarduera dibertigarria dira umeentzat eta hitz berri mordo ikasten dituzte. Jarduera honekin umeak hausnarketara bultzatzea lortzen dugu eta era berean gauza berriak ikastea. Adibidez, animaliei buruzko asmakizun pilo bat daude, hona hemen igelari buruzko bi asmakizun:
      "Kolore askotarikoak gara, baina gehienak berdeak. Txiki-txikia naizenean uretan bizi naiz, baina behin prestatuta uretik kanpora irtetzen naiz. Nor naiz?" Igela.
      "Ur ertzean abesten dut, uretan bizi naiz, ez naiz ez arraina ez txitxarra. Nor naiz?" Igela.
      Asmakizun hauen bidez, mailaren arabera igelari buruz ezagutzen ez zituzten ezaugarri berriak ikasten dituzte. Gainera gehienetan modu honetan gertatzen diren ikaskuntzak askoz iraunkorragoak dira.
      Jarduera aldiz, hainbat modutan bideratu daiteke:
      1- Aukera bat asmakizun eginak ekartzea da. Modu honetan, batek irakurri, beharbada hitz berriak ikasi eta beste kideak erantzuna asmatu beharko du.
      2- Beste aukera asmakizunak sortzea da. Horretarako, batek zerbaitetan pentsatu behar du eta bere ezaugarrien bidez asmakizun bat egin eta besteak erantzun. Modu honetan, deskribaketa lantzen dute eta hitz berrien bila ere egongo dira: "nola esaten da...?". Txikiagoentzat aldiz, ariketa errazago suertatzeko fitxa txikitxoak egin daitezke hitz berriekin eta dagokion marrazkiarekin ondoan jarriz. Horrela, fitxa bana hartuko dute eta marrazkiaren laguntzaz deskribaketa egin.

      Azkenik, internetetik aurkitutako asmakizun batzuk uzten dizkizuet:

      1) Hegaztien denda bateko dendariak hau esan zion loroa erosi zuenari: "loro honek entzuten duen guztia errepikatzen du". Astebetera, eroslea itzuli eta loroak hitz-erdirik ere ez duela esan kexatu zaio, baina dendariak esan dio ez ziola gezurrik esan. Nola liteke? Loroa gorra da.
      2) Lagun bakarrak ordubete behar badu zulo bat egiteko, eta bi lagunek bi ordu behar badituzte bi zulo egiteko, zenbat denbora beharko du lagun bakarrak zulo-erdia egiteko? Ezingo du zulo erdia egin, zulo erdirik ezin baita egin.

      3) Altzaporrura bidean zazpi atsorekin gurutzatu naiz. Atso bakoitzak zazpi zaku zeramatzan eta zaku bakoitzean zazpi arkume. Zenbat atso eta arkume zihoazen Altzaporrura bidean? Bat ere ez, atsoak ez zihoazen altzaporrura.
      4) Nola zula liteke globo bat bertatik airerik atera gabe eta zaratarik egin gabe? Puztu barik.
      5) Hil batzuek 31 egun dituzte; 30ekoak ere badira. Baina zenbatek dituzte 28 egun?. Guztiak
      6) Bart gauean, osaba irakurtzen ari zela, izebak argia itzali zuen. Gela erabat ilun geratu zen, baina osabak irakurtzen jarraitu zuen, ezer gertatu ez balitz bezala. Nola liteke? Osaba itsua zen.
      7) Taxi-gidari batek pertsona bat darama. Bidaiaria izugarri berritsua da, baina taxi-gidariak hizketarako gogorik ez duenez, gormutua den itxura egin du; eskua belarrira eta ahora eraman du ez hitz egin eta ez entzun ezin duela adierazteko. Joan beharreko tokira iristean, taximetroa erakutsi dio zenbat den adierazteko. Bidaiariak zintzo-zintzo ordaindu eta jaitsi egin da. Orduantxe konturatu da taxi-gidariak ezin duela gormutua izan. Nola konturatu da? Bidaiariak ez duelako tokia idatzi 
      8) Tren elektriko bat Altsasutik Iruna doa 100 km/h abiaduran. Haizeak iparretik jotzen du 30 km/h abiaduran. Norantz joango da kea?
      Tren elektrikoek ez dute kerik botatzen.
      Espero dut sarrera gustatu zaizuela! Ondo izan!


      qrcode

      14 nov 2011

      Irakurketa: Ardien zaindaria

      Oraingoan, nik sortutako ipuin txiki bat igo dut. Gure begiek ez dute beti errealitatea ikusten, baizik eta guk ikusi nahi duguna, guk pentsatzen duguna. Horretaz kontziente izan behar gara bai gu bai txikienak ere, gauzak ondo interpretatzen jakitea ez da erreza. Ipuin honek, zerbait irakatsi ahal badu honakoa da: gauzarik ebidenteena ere ez duela zertan egia izan behar. Eta honekin batera, zeinen garrantzitsuak diren gure sinismenak ere azpimarratu nahi da.


      Ardien zaintzailea


      Maria goiz eta arratsalde igarotzen zituen mendian, ardien ondoan. Lan gogorra zen artzaina izatearena, baina Mariak natura eta animaliak bihotzez maite zituen eta batetik bestera ibiltzea gustatzen zitzaion. 


      Behin, mendian otsokume zauritu bat aurkitu zuen eta etxera eramatea erabaki zuen. Etxeko atetik sartu bezain laster, Iker joan zitzaion amari muxu ematera. Besoetan zeramatzan otsoa ikusi      eta irribarre goxo bat somatu zitzaion aurpegian.


      - Zer daramazu besoetan? Txakur txiki bat da!- ohitzen zuen Ikerrek zoriontsu.
      - Ez da txakurra, otsokume bat dela uste dut. Mendian aurkitu dut hanka hautsita zuela eta sendatzeko ekarri dut etxera.
      - Eta behin sendatuta, zer egingo dugu berarekin ama?
      Mariari ez zitzaion burutik kentzen Ikerrek otsoa ikustean jarri zuen lilura aurpegia, horregatik oparitu zion. Ikerrek laster jarri zion Blai izena eta bion artean hezitu zuten. Laster Blai etxean bizitzera ohitu zen, baina hori ez zen harrigarriena, ez! Mariak egunero eramaten zuen Blai berarekin mendira, eta pixkanaka ardiak bazkatzen ikasi zuen!


      Geroztik herriko mitoa bihurtu zen Blai, ardiak gidatzen zekin otsoa. Nork ikusi ote du horrelako ezer? Txundigarria zen benetan! Blaik ondo zekien ezin zituela ardian jan, guztiz kontrakoa, artzain-txakur batek bezain ondo zaintzen eta gidatzen zituen.

      Gau batean, herriko ardi batzuk hilda agertu ziren. Hurrengo egunean, Blaik muturra odolez zikinduta zeukan eta herriko guztiek berari bota zioten errua. Maria eta Ikerrek, ordea, ezin zuten sinistu eta eztabaidetan igaro zituzten hurrengo egunak. Aldiz, hiru gau pasa eta berdina gertatu zen: ardiak hilda agertu ziren eta Blai berriro ere muturra zikindurik. Birritan ez zuten pentsatu herrikoek: PUM! PUM! Bi tiro eman eta Blai hil zuten.

      Iker oso triste egon zen asteetan zehar, burua altxa ezinik. Blai bere lagun minena zen, edo hare gehiago, bere anaia. Animalia maitakorra, zintzoa eta leiala. Iker ez zen kapaza Blaik ardiak hil zituela leporatzeko, beste arrazoi bat egon behar zuela uste zuen. Hala zen, Blaik ez zuen ardi bat ere ez hil. Aldiz, ardiak beste otsoengatik babesteagatik agertu zen gau bi horietan muturra odolez buztia.


      Hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten dadila herriko plazan!




       - Amaiera -

      Egilea: Ainara


      qrcode