16 nov 2011

Asmakizunak

Oraingoan asmakizun batzuk idaztea pentsatu dut. Izan ere, asmakizunak oso jarduera dibertigarria dira umeentzat eta hitz berri mordo ikasten dituzte. Jarduera honekin umeak hausnarketara bultzatzea lortzen dugu eta era berean gauza berriak ikastea. Adibidez, animaliei buruzko asmakizun pilo bat daude, hona hemen igelari buruzko bi asmakizun:
"Kolore askotarikoak gara, baina gehienak berdeak. Txiki-txikia naizenean uretan bizi naiz, baina behin prestatuta uretik kanpora irtetzen naiz. Nor naiz?" Igela.
"Ur ertzean abesten dut, uretan bizi naiz, ez naiz ez arraina ez txitxarra. Nor naiz?" Igela.
Asmakizun hauen bidez, mailaren arabera igelari buruz ezagutzen ez zituzten ezaugarri berriak ikasten dituzte. Gainera gehienetan modu honetan gertatzen diren ikaskuntzak askoz iraunkorragoak dira.
Jarduera aldiz, hainbat modutan bideratu daiteke:
1- Aukera bat asmakizun eginak ekartzea da. Modu honetan, batek irakurri, beharbada hitz berriak ikasi eta beste kideak erantzuna asmatu beharko du.
2- Beste aukera asmakizunak sortzea da. Horretarako, batek zerbaitetan pentsatu behar du eta bere ezaugarrien bidez asmakizun bat egin eta besteak erantzun. Modu honetan, deskribaketa lantzen dute eta hitz berrien bila ere egongo dira: "nola esaten da...?". Txikiagoentzat aldiz, ariketa errazago suertatzeko fitxa txikitxoak egin daitezke hitz berriekin eta dagokion marrazkiarekin ondoan jarriz. Horrela, fitxa bana hartuko dute eta marrazkiaren laguntzaz deskribaketa egin.

Azkenik, internetetik aurkitutako asmakizun batzuk uzten dizkizuet:

1) Hegaztien denda bateko dendariak hau esan zion loroa erosi zuenari: "loro honek entzuten duen guztia errepikatzen du". Astebetera, eroslea itzuli eta loroak hitz-erdirik ere ez duela esan kexatu zaio, baina dendariak esan dio ez ziola gezurrik esan. Nola liteke? Loroa gorra da.
2) Lagun bakarrak ordubete behar badu zulo bat egiteko, eta bi lagunek bi ordu behar badituzte bi zulo egiteko, zenbat denbora beharko du lagun bakarrak zulo-erdia egiteko? Ezingo du zulo erdia egin, zulo erdirik ezin baita egin.

3) Altzaporrura bidean zazpi atsorekin gurutzatu naiz. Atso bakoitzak zazpi zaku zeramatzan eta zaku bakoitzean zazpi arkume. Zenbat atso eta arkume zihoazen Altzaporrura bidean? Bat ere ez, atsoak ez zihoazen altzaporrura.
4) Nola zula liteke globo bat bertatik airerik atera gabe eta zaratarik egin gabe? Puztu barik.
5) Hil batzuek 31 egun dituzte; 30ekoak ere badira. Baina zenbatek dituzte 28 egun?. Guztiak
6) Bart gauean, osaba irakurtzen ari zela, izebak argia itzali zuen. Gela erabat ilun geratu zen, baina osabak irakurtzen jarraitu zuen, ezer gertatu ez balitz bezala. Nola liteke? Osaba itsua zen.
7) Taxi-gidari batek pertsona bat darama. Bidaiaria izugarri berritsua da, baina taxi-gidariak hizketarako gogorik ez duenez, gormutua den itxura egin du; eskua belarrira eta ahora eraman du ez hitz egin eta ez entzun ezin duela adierazteko. Joan beharreko tokira iristean, taximetroa erakutsi dio zenbat den adierazteko. Bidaiariak zintzo-zintzo ordaindu eta jaitsi egin da. Orduantxe konturatu da taxi-gidariak ezin duela gormutua izan. Nola konturatu da? Bidaiariak ez duelako tokia idatzi 
8) Tren elektriko bat Altsasutik Iruna doa 100 km/h abiaduran. Haizeak iparretik jotzen du 30 km/h abiaduran. Norantz joango da kea?
Tren elektrikoek ez dute kerik botatzen.
Espero dut sarrera gustatu zaizuela! Ondo izan!


qrcode

No hay comentarios:

Publicar un comentario